bizi iturri

Aia Pagoeta

Noticias
Ultimas noticias
Aiak, natura, kultura eta gastronomia batzen dituen programazio berezia antolatu du Aste Santurako

Aiak, natura, kultura eta gastronomia batzen dituen programazio berezia antolatu du Aste Santurako

Menu bereziak jatetxeetan, Iturraran Parketxeko programa berezia eta Aiako Aste Santua bertatik ezagutzeko aukera paregabea izango da.

“Aia, bizi iturri” lelopean biltzen dira Aiako ekintza kultural, natural eta turistikoak, eta aurten, lehenengo aldiz, Aste Santuan herrira hurbiltzen direnei programazio koordinatu eta integral bat eskaintzeko lan egin da Aiako Turismo Mahaitik. Aste Santuko egunak oso aproposak izaten dira etxetik gertu ditugun lekuak ezagutzeko eta bisitariek ikusi eta sentitu ahal izango dute nola itsasoak, mendiak eta kulturak bat egiten duten Aian.

Ostegun Santurik, Astelehen Santura, Iturraran Parketxean programazio berezi bat egongo da bertako baliabide natural eta kulturalak ezagutzeko eta herriko hainbat jatetxeetan Aiako eta euskal produktuez osatutako menu bereziak egongo dira. Ostiral Santuan, bestalde, Aiako Aste Santuko jarduera erlijiosoak eta herriko San Esteban Parrokia gida baten eskuz, bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da.

Iturraran Parketxeko programazioa.

Iturraran Parketxea Pagoetako informazio puntua da. XVIII. mendeko jatorrizko egitura mantentzen duen baserri zoragarria da eta informazio gunea izateaz gain Pagoeta eta Aiako ingurune fisikoa eta etnografikoa azaltzen dituen museo txiki bate ere badu. Aste Santuko bost egunetan irekita egongo da.

Agorregiko burdinola eta errotak Aste Santuko bost egunetan egongo dira zabalik. 11:00-13:00 irekiera ordutegiarekin. Bisita gidatuaren ordua 11:30tan izango da eta funtzionamenduan ikusteko aukera egongo da. XVIII. mendean berreraikitako instalazio hidraulikoari jarraituz zaharberritu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Sailak eta gaur egun martxan ikusi daiteke.

Iturraran Parketxetik gertu eta helburu didaktikoekin, Iturrarango erlategi didaktikoa dago. Aste Santuko bost egunetan, eguraldia lagun bada, erlauntzen egitura eta antolaketa ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira,  erleen bizimodua zuzen zuzenean jarraitzeko prestatua baitago. Erlauntza baten irekierarekin, bisitariek aberaskak gertutik ikusteko aukera izango dute: arrautzak, larbak, erle langileak… Ordutegia: 13:00-14:00. Helduen sarrerak 3 euroko salneurria izango du eta 3-12 urte arteko haurrenak 2 euro.

Informazio gehiagorako: 943 835389

Aiako euskal gastronomia dastatzeko aukera.

Euskal gastronomia mundu mailan ezagutzen da eta oso izen ona du. Aiak, gure produktuez gozatzeko hainbat jatetxe, erretegi eta ostatu ditu. Aste Santuko bost egun hauetarako, herriko hainbat jatetxe proposamen berezi bat aurkeztuko diete bere bezeroei: Aiako eta euskal produktuez osatutako menua.

Bertako ekoizleengandik lortutako kalitate altuko produktu freskoak eskainiko zaizkie ondorengo jatetxeetako mahai-kideei:
  • Aristerrazu Jatetxea: 943 834 521
  • Ashé Jatetxea: 943 835311
  • Gazteategi Jatetxea: 943 131 606
  • Izarra Jatetxea: 943 131 867
  • Jauregi Jatetxea: 943 868 241
  • Leku-eder Erretegia: 943 132 373
  • Portu Erretegia: 943 894 434
Jatetxe hauetako karten barruan Aste Santuko menu berezi hau topatuko dute bisitariek, baina, horrelako opor egunetan gertatzen den mugimenduagatik, erreserba bat egitea beti gomendagarria da.

Aste Santuko kultur jarduera bereziak bizitzeko gune da Aia.

Aiako San Esteban Parrokiaren lehenengo mintzamenak, 1350. urtean topatu daitezke. Orduko tenplu gotikoaren zimenduen gainean, XVI. mendean eraikitzen hasitako gaur egungo eliz errenazentista ikus daiteke.

Aiako herriguneko parroki honetan, Aste Santuan, prozesio berezi eta errito bakarrak egiten dira gaur egun oraindik. Kultura, fedea eta tradizioa batzen dira egun hauetan leku berezi honetan. Horregatik, eta bertakoei eta bisitariei, ondare hau helarazteko asmoz, Ostiral Santuan, 18:00etan herriko gidari batek bisita berezi bat eskainiko du, elizaren ezaugarriak eta Aste Santuko erritualak azalduz eta erakutsiz. Bertan parte hartzeko, ordu horretan, elizako atarian agertzea besterik ez dago. 
 

Deskargatu hemen Aste Santuko programazioaren kartela

 

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y mostrarle publicidad relacionada con sus preferencias mediante el análisis de sus hábitos de navegación. Si continua navegando, consideramos que acepta su uso. Puede cambiar la configuración u obtener más información Aqui.

EU Cookie Directive Module Information