Natur ondarea
BEHORBARROTEKO HAGINA
“Behorren leku” honetan baso mistoa dago: bertoko espezieak (pagoa eta urkia) eta kanpokoak (altzifre eta alertzea) daude. Horien artean, ezkutatuta, hagin hau dago, Gipuzkoako espezie heraldiko nagusia. Parkean dauden espezieen dentsitatea altua izan arren, zuhaitz bat ere ez da hau baino handiagoa edo zaharragoa, 200 urte baino gehiago baitauzka.
Garaikide asko moztu egin dituzte zuhaitz emankorragoei lekua egiteko, eta berrehun urte baino gehiago dauzkan hagin hau oraindik bizirik badago, aldapa gogorragatik eta, batez ere, sustraiak besarkatzen dituen kareharriarengatik izan da.
ELUTSAUNDIKO PAGADIA
Lizarrako muinotik gertu aurkitzen da ikazkintzarako kimatuak izan ez ziren pago ederrez osatutako baso hau. Pago bakoitzak 30 metroko altuera du gutxienez eta gerria berriz metro bat baino gehiagokoa. Orain dela urte batzuk pago hauetako bat erori egin zen ekaitz baten ondorioz eta eraztunak kontatu ondoren 150 urte inguru zituela ondorioztatu zen.
BURNIGURUTZEKO ARTADIA ETA BEGIRATOKIA
Kareharrizko azaleratze baten inguruan ondo kontserbatutako artadi txiki bat aurkitzen da. Artadi txiki hau, aro epelago batean Pagoetako Parkea estaltzen zuten artadien lekuko da.
AZKORTE HAITZA
Pagoetako igoeran duela milioika urte sortutako faila edo zamalkadura baten hausturarekin egiten dugu topo. Zamalkadura garai ezberdinetako bi lurzoru-geruza bata-bestearen gainean alderantzikatuta jartzea da, hau da, geruza zaharragoa gainean eta berriagoa azpian. Zamalkaduraren hausturarekin sortutako faila berriz, plaka tektonikoen arteko presioaren ondorioa da.
IKAZKIÑARTETAKO DOLINA
Euri urak kareharria urtu egiten du, arraildurak gero eta gehiago zabalduz eta galeriak egituratuz. Galeria hauen sabaia hondoratzean gainazalean dolinak deitzen diren inbutu formako zuloak azaltzen dira.
OHARRA: Informazio gehiago edo bertara nola joan jakin nahi baduzue Iturraran Parketxera gerturatzea gomendatzen da.