Sarrolako betizuak, pottokak eta oreinak
Galtzeko arriskuan dauden etxe-abere arrazen babeslekua ere bada Pagoetako Parke Naturala, gure arbasoen garaian fauna basatia zena etxekotzerakoan egin zuten lanaren adierazgarri: behietan betizuak edota zaldietan pottokak.
Nahiz eta bisitariek animali basatiak ikusteko aukera murritzak izan, Sarrola inguruan badira erdi aske bizi diren eta erraz ikus daitezkeen oreinak eta aurrerago aipatutako betizu eta pottoka taldeak.
OHARRA: Informazio gehiago edo bertara nola joan jakin nahi baduzue Iturraran Parketxera gerturatzea gomendatzen da.
BETIZUA
Betizuak, Uroa (Bos primigenius) du aitzindari. Badirudi betizuak, Pirinioetako alde bietan bizi eta batetik bestera era librean eta gizonen eragin zuzenik gabe mugitzen ziren bobido basatiez osaturiko taldeen kondarrak direla.
J.M. Barandiaran eta J. Altunaren arabera Brontze eta burdin aroan Euskal Herriko mendietan bizi ziren behi aziendek betizuen proportzio berberak zituzten.
Mitologian ere "zezen gorri" eta "behi gorri" sarri askotan aipatzen dira, gehienetan, zenbait leize zulotan dauden altxorren zaintzaile edota Mari jainkosa bizi den leize zulotako sarreran kokatuta inor sartu ez dadin bertara.
Beraien izena euskarazko hitz konposatua da "behi" + "izu" eta ondo baino hobeto adierazten digu arraza honetako animalien izaera izukorra.
Oroar animalia txikiak dira, landatarrak, biziak, buru tenteak, gorriak eta erdi basatiak, bada, jabea badute ere, ez elikatzeko, ezta ugalketarako ere ez dute gizakion laguntzarik behar.
POTTOKA
Pottoka Euskal Herriko zaldi arraza da. Oso animalia landatarra eta indartsua da. Bizkaiko Santi Mamineko edo Gipuzkoako Ekaingo historiaurreko haitzuloetan agertzen dira lehen zaldien irudiak.
Antzinatetik bizi izan dira talde basatietan elkartuta. Hierarkia gordetzen dute eta hazitarako ar bat da denen buru. Erresistenteak, azkarrak, landatarrak, sendoak, otzanak eta ehizarako, ibiltzeko, paseatzeko eta oztopoen gainetik jauzteko egokiak dira. Azken funtzio horiei esker ez da desagertu arraza hau.