2011/09/09

KULTURA ETA KIROLAK

Euskal herri-kirolak jokoa eta lana dira, eguneroko lanen luzapena; bai, nola edo hala eguneroko lana goragoko maila batean jartzen dituzten erronkak edo lehiaketak ditugu. Herri gutxik dute edozein norgehiagoka apustu bihurtzeko Euskal Herriak duen bezainbesteko joera. Horrela sortu ziren herri kirol gehienak: bi bizilagun edo gehiagok diru kopuru bat jokatzen zuen, ea nork mozten zuen enbor gehiago (aizkolaria edo trontzalaria), nork jasotzen zuen harririk astunena (harri-jasotzailea), nork ebakitzen zuen belar eremurik zabalena (segalaria), nork arrastatzen zituen harriak beraien idiekin (idi-probak) edo beraien gorputzekin (gizon-proba), edo nork eramaten zituen txingak alde batetik bestera (txinga-proba)... Argi dago gaur egun hain zabalduta dauden joko horiek guztiek baserri dutela sorburu.

Eta hori guztia are nabarmenagoa da Aiaren kasuan; Aia historikoki Euskal Herriko kirolen hiriburua eta hainbat espezialitateko kirolari bikain batuen jaioterria izan baita. Edonork, orain edo etorkizunean herri-kirolen historia lantzen hasten bada eta horiei buruz iruzkina egiten, Aiara etorri beharko du eta bertako jendearen oroimenean barrena ibili, bertakoek oraindik ere kirolari handien istorio eta egintza gogoangarriak kontatzen baitituzte. Adibidez: Periko Jonsansoro harrijasotzailea, Leon Huegun “Leon Txiki” aizkolaria, Juan Manuel Azpiroz “Aiako Txikia” korrikalaria, etab.

Zerbitzuak ikusi >>