2011/09/09

Behorbarroteko hagina.

“Behorren leku” honetan baso mistoa dago: bertoko espezieak (pagoa eta urkia) eta kanpokoak (altzifre eta alertzea) daude. Horien artean, ezkutatuta, hagin hau dago, Gipuzkoako espezie heraldiko nagusia. Parkean dauden espezieen dentsitatea altua izan arren, zuhaitz bat ere ez da hau baino handiagoa edo zaharragoa, 200 urte baino gehiago baitauzka. Garaikide asko moztu egin dituzte zuhaitz emankorragoei lekua egiteko, eta berrehun urte baino gehiago dauzkan hagin hau oraindik bizirik badago, aldapa gogorragatik eta, batez ere, sustraiak besarkatzen dituen kararriarengatik izan da.

Elurzuloak.

Elurra pilatu eta konserbatzeko zuloak. Naturalak izan zitezkeen, mendiaren erliebeari esker, edo gizonak eraikiak: lurrean egindako zuloak, paretak harrizkoak eta gainetik txabola batez edo kupula batez estaliak. 5 eta 10 m bitarteko diametroa eta sakonera eduki zezaketen. Neguko elurteetan elurrez betetzen ziren, jela egiteko. Eta gero saldu egiten zen. XVI – XVII. gizaldietatik hona gauza askotarako erabili izan da elurra edo izotza eguneroko bizitzan: sendagai bezela, janaria konserbatzeko eta izozkiak edota edari freskagarriak egiteko.

Karobiak.

Antzina, harria berotuz karea lortzeko erabiltzen ziren harrizko labe haundiak. Borobilak, 4-8 m bitarteko diametroa izan ohi zuten eta 10 m-ko altuera izan zezaketen. Harria kare-hauts bihurtzen zen, antzinako nekazal munduan beharrezkoa etxeko bizitza eta lanerako: eraikuntzan, ongarri bezala soroetan, desinfektante bezala, arrautzak konserbatzeko… Hemen Euskal Herrian XVIII – XX. mendeetan gailendu zen karearen erabilera. Aia-Pagoetako baserrien inguruan karobi aztarna ugari aurki dezakegu.

Baserriak.

Baserria izan da historian zehar Aiako herriaren muina: bizitoki eta bizimodu; bertako ekonomia ihardueraren oinarri izan diren nekazaritza eta abelazkuntzaren euskarri. Orain dela ehun urte Aiak 280 baserri zituen, lurrez oso zabala denez, oso sakabanatuak. Ia erabat jendea baserritik bizi zen. Ehun urteotan beherantz egin du nabarmen kopuruak eta garbi dago galtzen joango direna, zailtasun haundiak dituelako gaur egungo gizarte aurreratuan baserritik bizimodua ateratzeak. Baina etxebizitza, eraikuntza bezela, balio arkitektoniko eta kultural aldetik badu etorkizunik baserriak, galdu gabe eusten badiogu. Gure arbasoen bizimoduaren adierazgarri da eta herriko historiaren aberasgarri.

Elutsaundiko pagadia.

600 m-ko altueran bertako bertako zuhaitz multzo handiak dira nagusi. Horien artean, Elutsaundiko Pagadia, 150 urte eta 30 metro inguruko altuera duten 20 pagorekin.

Megalitoak.

Neolitos -Brontze garaiko (K.a. 5000-4000 - 3000-2500 urte bitartean) harri landugabeko monumentu funerario edo enterramentuak, Kristautasunaren aurreko erlijio-kulturaren seinale eta garai hartan lur hauetan gizarte bizitza zegoenaren seinale, gure herriko prehistoriaren ezagutzarako ekarkin garrantzitsua. Aian 12 daude izendatuak (baino ez eskabatuak): 9 tumulu eta 3 trikuharri.

Haitzuloak.

Aia-Pagoetako lehenengo giza aztarnak historiaurreraino garamatzate. Antzina giza taldeen bizileku izandako zenbait haitzulo aurkitu dira Aiaren egungo jurisdikzioko lurralde menditsuan. Horien artean garrantzitsuena, eta Gipuzkoako lurralde historikoko nagusienetakoa Altxerri dugu (Gaur egun itxita aurkitzen da eta Aranzadi Zientzia Elkartearen ardurapean). Badira honetaz gain, beste haitzulo eta arroka aterpe txikiagoak, eta guztiak garai berdintsukoak izan daitezkeela erakusten dute haietan aurkitu diren aztarna ezberdinek: duela 12.000-13.000 urtekoak.
+ informazioa

Auzoak.

Laurgain:
Aiatik Zarautza doan errepidean (GI-2631). Laurgaingo Jauntxoaren Dorretxea (XIV-XVIII), San Migel Parrokia (XVI-XVII), Etxetxoa (barrokoa), San Paulo ermita (Orio ondoan), Bizkar (XVIII) eta Iturraran (XVII) bezalako baserriak, Agorregiko Burniola (XV-XVIII).
Andatza:
Oriorako errepidean (GI-3710). San Pedro ermita (XVII), Aristerrazu (XVII) bezalako baserri interesgarriak eta hainbat burniola eta erroten arrasto ugari.
Santio Erreka:
Oriotik 1,5 km-ra (GI-3710). Santiago ermita (XVI). XVIII. Mendeko burniola garrantzitsu baten aztarnak: arrazubikoa.
Iruretaegia:
Asteasurako norabidean (GI-2631). Joan Bataiatzailearen ermita, iturburu baten gainean eraikia (XVII). Erniorako igoeraren abiapuntua.
Urdaneta:
Zarauztik du igoera (GI-3162). San Martin eliza (XVI), Aranburu Zar (XVII) bezalako baserri interesgarriak. Bertatik ikusten diren bista ederrek leku berezi egiten dute.
Altzola:
Urdanetako bideari jarraituta (GI-3162). San Roman eliza (XVI), Monjaetxea, hilerri hexagonala, galtzen doazen baserri zaharrak..., paraje bakarti eta baketsuan.
Elkano:
Zarauztik Meagara doan errepidetik (GI-2633). Aia, Zarautz ea Getariako lurrak ditu. San Pedro eliza (XVI) eta Santa Kruz ermita (hiru herrien arteko muga dago barruan).