Egi atlantikoko fauna komunitateak babes egokia aurkitzen du Pagoetan: orkatzak, basurdeak eta erbiak, basoetako harrapariak edo hildako zura zulatzen duten okilak. Gainera, sai-zuri bikote bat urtero bueltatzen da Afrikako lurraldeetatik udaberrian bere habia egitera.
Galtzeko arriskuan dauden etxabere arrazen babeslekua ere bada, gure arbasoen garaian fauna basatia zena etxekotzerakoan egin zuten lanaren adierazgarri: behietan betizuak edota zaldietan pottokak.Nahiz eta bisitariek animali basatiak ikusteko aukera murritzak izan, badira erdi aske bizi diren eta erraz ikus daitezkeen oreinak eta aurrerago aipatutako betizu eta pottoka taldeak.
Orkatza:
Orkatza (Capreolus capreolus) Europako zerbido txikiena dugu. Inguruotan 15-25 kilo inguruko pisua har dezake eta itxuraz, hankaluzeak dituena, fina, eta liraina da oso. Arrak buruan hiru puntako adar txiki dotoreak ageri ditu eta urtero azaro aldera erortzen zaizkio, laster berritu eta apirila edo maiatza alderako prest edukitzeko. Adarrak defentsarako, emea erakartzeko eta araldian minik hartu gabe indarrak neurtu ahal izateko tresnak dira.
Oreina:
Oreina Euskal Herrian diren artiodaktilo basatien artean handiena dugu. Animaliaren pisua 100 eta 200 kg bitartekoa izaten da, gurutzerainoko altuera 100 eta 140 cm bitartekoa izanik. Gainerako artidaktiloetan bezala, arra emea baino handiagoa izaten da. Ilajea normalean arrea izaten duten arren, aldakorra da urtean zehar. Uda aldera ia gorriak baldin badira, neguan itxura grisagoa ageri dute, beti ere atze aldea –izter gainak– beltzaranak izaten dituztelarik.
Betizua:
Betizuak, Uroa (Bos primigenius) du aitzindari. Badirudi betizuak, Pirinioetako alde bietan bizi eta batetik bestera era librean eta gizonen eragin zuzenik gabe mugitzen ziren bobido basatiez osaturiko taldeen kondarrak direla. J.M. Barandiaran eta J. Altunaren arabera Brontze eta burdin aroan Euskal Herriko mendietan bizi ziren behi aziendek betizuen proportzio berberak zituzten. Mitologian ere "zezen gorri" eta "behi gorri" sarri askotan aipatzen dira, gehienetan, zenbait leize zulotan dauden altxorren zaintzaile edota Mari jainkosa bizi den leize zulotako sarreran kokatuta inor sartu ez dadin bertara. Beraien izena euskarazko hitz konposatua da "behi" + "izu" eta ondo baino hobeto adierazten digu arraza honetako animalien izaera izukorra. Oro ar animalia txikiak dira, landatarrak, biziak, buru tenteak, gorriak eta erdi basatiak, bada, jabea badute ere, ez elikatzeko, ezta ugalketarako ere ez dute gizakion laguntzarik behar.
Pottoka:
Pottoka Euskal Herrikoa bertakoa den ponia da. Oso animalia landatarra eta indartsua da. Bizkaiko Santi Mamiko edo Gipuzkoako Ekaingo historiaurreko haitzuloetan agertzen dira lehen zaldien irudiak. Aintzinatetik bizi izan dira talde basatietan elkartuta. Hierarkia gordetzen dute eta hazitarako ar bat da denen buru. Orokorrean ondo osatutako ponia da, elipometrikoa, azpiahurra, subbrevilineoa edo mediolineoa. Buruaren profilari dagokionez, zuzena izatetik azpiahurra izatera hel daiteke eta aurpegi zuzena du. Onartutako azalerak honakoak dira: beltza, gaztain-kolore iluna, pia, kanela- kolorekoa eta zuri-beltza. Erresistenteak, azkarrak, landatarrak, sendoak, otzanak eta ehizerako, ibiltzeko, pasiatzeko eta oztopoen gainetik jauzteko egokiak dira. Azken funtzio horiei esker ez da desagertu arraza hau.