Aia Pagoeta

PR-GI 4001 PAGOETAKO IBILBIDEA

pagoetakoibilbidea

  • IRAUPENA: 6 h
  • ZAILTASUNA: erdia
  • LUZERA: 17 km
  • PUNTURIK ALTUENA: 700 m
  • PUNTURIK BAXUENA: 300 m
  • KOKAPENA: PAGOETAKO PARKE NATURALEKO lurrak IRTEERA Aiako aparkalekua

Ibilaldi honek Pagoeta mendiaren inguruan borobil bat marrazten du, paisai eta kultur intereseko hainbat lekutatik pasatuz.

Ibiltzen hasi eta berehala Burnigurutzeko burnizko gurutzearekin egingo dugu topo. Ondoren Azkortehaitzeko falla, Sagastizabalgo elurzuloa, Beorbarrutiko hagina eta Elutsaundiko pagadi bikaina ikusiko ditugu, Lizarbakarreko bidegurutzera iritsiz.

Altzola auzora bidean beste bi elurzulo ikusiko ditugu. Altzolan Pagoeta mendia inguratzen jarraituko dugu panoramika ederrak erakusten dizkigun pista batetik.

Azken zatian trashumantziako bidea zenarekin bat egiten du ia Aiara iritsi arte.

INTERES GUNEAK

Aia

Aia Gipuzkoako herririk handienetakoa da eta 5600 hektarea ditu denera. 11 auzo ditu erdiguneaz gain.

Gaur egun Aiako udalerria osatzen duen esparruaren barruan izandako giza presentziaren lehen aztarnen lekuko dira Altxerriko koba (duela 10.000 urte) eta Pagoetako mendian barna banatutako tumulu eta trikuharriak (duela 4.000 urte).

Aiako herriaren lehen agerpen historikoa 1025. urtekoa da. 1564. urtean Laurgain, Elkano eta Urdaneta Aiako auzo izatera pasa ziren.

Interes handiko kultura ondarean jabe da Aia: elizak, otoitz-lekuak, dorretxeak, burdinolak, errotak, karobiak, elurzuloak, etab.

Burnigurutzeko Gurutzea

Kareharrizko haitz batean kokatuta dagoen burnizko gurutze bat da. Inguruan artadi txiki bat du. Badirudi, aintzina, udaberriro Aiako apaizak gurutze honetara igo eta konjuro edo bedeinkapen moduko bat botatzen zuela urte horretako uzta ona eta oparoa izan zedin.

Burnigurutzeko Artadia eta Begiratokia

Kareharrizko azaleratze baten inguruan ondo kontserbatutako artadi txiki bat aurkitzen da. Artadi txiki hau, aro epelago batean Pagoetako Parkea estaltzen zuten artadien lekuko da.

Azkorteko Begiratokia

Azkorteko Haitzeko failatik gertu dagoen behatoki txiki bat da. Bertatik Laurgaingo auzoa, Iturraran baserria eta Zarautz ikus genitzake.

Behorbarrutiko Hagina

“Behorren leku” honetan baso mistoa dago: bertoko espezieak (pagoa eta urkia) eta kanpokoak (altzifre eta alertzea) daude. Horien artean, ezkutatuta, hagin hau dago, Gipuzkoako espezie heraldiko nagusia. Parkean dauden espezieen dentsitatea altua izan arren, zuhaitz gutxi dira hau baino handiagoak edo zaharragoak, 200 urte baino gehiago eta 14 metroko altuera baitauzka.

Azkorte Haitza

Pagoetako igoeran duela milioika urte sortutako faila edo zamalkadura baten hausturarekin egiten dugu topo. Zamalkadura garai ezberdinetako bi lurzoru-geruza bata-bestearen gainean alderantzikatuta jartzea da, hau da, geruza zaharragoa gainean eta berriagoa azpian. Zamalkaduraren hausturarekin sortutako faila berriz, plaka tektonikoen arteko presioaren ondorioa da.

Elutsaundi

Lizarrako muinotik gertu aurkitzen da ikazkintzarako kimatuak izan ez ziren pago ederrez osatutako baso hau. Pago bakoitzak 30 metroko altuera du gutxienez eta gerria berriz metro bat baino gehiagokoa. Orain dela urte batzuk pago hauetako bat erori egin zen ekaitz baten ondorioz eta eraztunak kontatu ondoren 150 urte inguru zituela ondorioztatu zen.

Sagastizabalgo Elurzuloa

Elurzuloak lurrean, hutsuneren batetaz baliatuz egindako zulo biribilak dira eta harrizko kupula batez itxiak egoten ziren. Igoera topografiko narbamen batetik gertu eta leku laiotzetan kokatzen ziren. Neguan elurra pilatzen zen bertan izotz bihurtuz eta hau udaran inguruko herrietan saltzen zen.

Nebera baserriko Nebera Haundi eta Nebera Txikia

Elurra pilatu eta kontserbatzeko zuloak dira. Naturalak izan zitezkeen, mendiaren erliebeari esker, edo gizonak eraikiak. Neguko elurteetan elurrez betetzen ziren , jela egiteko eta gero saldu egiten zen. Gauza askotarako erabiltzen zen izotza eguneroko bizitzan: sendagai bezela, janaria kontserbatzeko eta izozkiak edota edari freskagarriak egiteko. Nebera baserritik gertu bi elurzulo daude; horietako bat, oso haundia, 1660.urtean eraikia izan zen Zarauzko Anderearen aginduz.

Altzola Auzoa

Pagoeta mendiaren mendebaldeko magalean aurkitzen da Aiako auzo hau eta Laurgain auzoa bezalaxe Parkearen barruan aurkitzen da. Gipuzkoako lekurik aldenduenetakoa izan da orain dela gutxirarte, 1985. urterarte ez baitzen Urdaneta auzoarekin lotzen duen errepidea egin. Auzoaren erdigunean San Roman eliza (XVI), Mojaetxea (XVII) eta hexagono itxurako hilerria (XIX) aurki ditzakegu.

Etxetabaila

Aiako auzorik ezkutukoenetakoa da, Pagoeta mendiaren azpikaldean aurkitzen baita. Aiatik Asteasura eramaten gaituen errepidetik du sarrera. Iruretaegia auzoa eta biek eliza bera dute, Iturriotzeko San Juan ermita; bere azpian ur oso hotzeko iturri bat jaiotzen delako horrela deitua.

Ikazkiñartetako Dolina

Euri urak kararria urtu egiten du, arraildurak gero eta gehiago zabalduz eta galeriak egituratuz. Galeria hauen sabaia hondoratzean gainazalean dolinak deitzen diren enbutu formako zuloak azaltzen dira.

PDFa jaitsi

 

Facebook


Gure zerbitzuak hobetu eta zure nabigazio-ohituren bidez publizitate erlazionatua erakusteko, gure eta hirugarren pertsonen cookie-ak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskuratu dezakezu Hemen.

EU Cookie Directive Module Information